Altunaren azken esprintarekin irabazi dute Amezketakoak eta Imazek Masterseko aurreneko puntua | Pelota

Altunaren azken esprintarekin irabazi dute Amezketakoak eta Imazek Masterseko aurreneko puntua | Pelota



Jokin Altuna amorratuta, azken tanto horietan erabakigarri izan da. (Raul BOGAJO | FOKU)

ALTUNA III – IMAZ 22

LARRAZABAL – REZUSTA 18

Haserre zen Jokin Altuna markagailua 17-18 zegoela. «Sekulako sakea atera dut eta nahita egin ez badu ere, ezinezkoa da Larrazabalek egin duen bezala errestoan sei koadro eta erditik airez tanto egitea. Sekulako harrikada izan da, eta epaileak ez du hori adierazi nahi izan». Dela errestoan airez zabalean Larrazabalek egin duen tantoagatik haserretu delako, dela markagailuan atzetik jarri direlako Altuna III.a eta Imaz, baina Amezketakoak zezenari adarretatik heldu dio une horretatik aurrera eta azken bost tantoek Amezketakoaren zigilua eraman dute. Modu horretan, ederki hasi eta azkenean uste baino askoz gehiago sufritu ostean, eraman dute Caixabank Masterseko aurreneko puntua Jokin Altunak eta Ander Imazek.

Airean eta erraz, 10-4 aurretik izan dira gorriak partidako hasiera partean. Rezusta bezperan partida bikaina jokatzetik zetorren, baina Laudioko Areta pilotalekuari jarri ezinik ibili da hasieran eta era berean, Iker Larrazabalekin ia sekula jokatu ezaren ajeak ere antzeman ditu Bergarako ezkerrak. Pilota eskatu arren, elkarri traba eginez bezala eta koordinazio handirik gabe ekin diote demari, baina behin 10-4 atzetik jarri direlarik, neurketak beste kolore bat eta askoz gogortasun handiagoa hartu du, azken emaitza urdinentzat txarra izan bada ere.

Zentzu horretan, Larrazabal eta Altunaren arteko buruz burukoa aurreko koadroetan ez da makala izan. Buruz Buruzko Txapelketan Amurrioko aurrelariak ligaxkako partida irabazi zion Altunari eta beste aurkari asko baino ausartago aritu zaio Amezketakoari arabarra. Rezustak bere ohiko jarrera segurua eta indartsua erakutsi badu ere, bikote urdinaren erreakzioaren gakoa Larrazabalek jokoari sartu dion erritmoan izan da. Akordatzerako, baina lana beltz eginda, 11na berdintzea lortu du bikote urdinak.

Horiek izan dira Ander Imazen tantorik eskasenak. Ez du askorik huts egin, baina eskuinez gozatu ezinik aritu da, aspaldion ohi baino tako gehiago darabilelako, nonbait. Zentzu horretan, tantoa Larrazabalek hartu du menpean hamarretik zortzitan eta kolpez kolpe erdietsi dute berdinketa, baina asko kosta zaie aurretik jartzea, eta lortuta ere, laster iritsi zaie beti gorrien erreakzioa.

Polemikarako tartetxoa

Neurketa 12na zela nahi gabe enbarazu garbia egin dio Altunak Rezustari, baina epaileek gorrien tantoa izan dela adierazi dute. Horren ostean, urdinak deseroso zeudela baliatuta, aitaren batean 16-12 aurreratu dira Altuna eta Imaz, eta unetxo batez partida haustekotan egon ote den itxura eman du. Ez da horrela izan, ordea.

Hain zuzen, Iker Larrazabalek berriz ere jokoaren ekimena hartu du eta 0-5eko partziala lortuta 16-17 aurretik jartzea lortu du, partida hasi denetik lehenengoz, bikote urdina. Altunak, arerio gaztearen itxura oldarkorra ikusita, berak ere pauso bat aurrera ematea erabaki du eta laster lortu du berdinketa, Larrazabalen erresto polemiko horrek 17-18koa ezarri duen arte.

Protestak ahaztu eta Amezketakoak sekulako esprinta egin du azken tanto horietan, berdin erasoan nola defentsan. Larrazabalek, aldiz, larregizko presa puntu bat erakutsi du eta hor joan zaio bikote urdinari aurreneko puntua irabazteko abagunea.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 441. Iraupena: 54:30. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 3-1, 4-1, 4-2, 6-2, 6-3, 6-4, 10-4, 10-5, 10-8, 11-8, 11-9, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 16-12, 16-13, 16-17, 17-17, 17-18, 18-18, 22-18. Sakez egindako tantoak: 3 Altuna III.ak eta 0 Larrazabalek. Jokoan egindako tantoak: 11 Altuna III.ak, 1 Imazek, 12 Larrazabalek eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 1 Altuna III.ak, 3 Imazek, 4 Larrazabalek eta 3 Rezustak. Gertakariak: Caixabank Masterseko aurreneko jardunaldia Laudioko Areta pilotalekuan. Ikusleen artean, Mexikotik etorritako multzo bat. Aurreneko sakea, gorri.

Honi buruzko guztia:
Caixabank Mastersa 2025



Fuente